Zer da Arnas Dezagun?

Arnas Dezagun guraso talde euskaldun bat da.

Arnas Dezagun taldea Euskal Herriko udalerri erdaldunduetako hainbat gurasok osatzen dugu. Gure umeak ikastolako zein eskola publikoko (D ereduko) ikasleak dira.

Aurtengo ekainean, kezka bera partekatzen genuen hainbat guraso harremanetan jarri ginen eta Meet bidez bilera bat egitea erabaki genuen. Bilera hori Arnas Dezagun taldearen sorburua izan zela esan dezakegu. Geroztik, Euskal Herrian egoera berean dauden familiak saretzen saiatu gara, gaia gizarteratuz.

Gure seme-alabek euskaraz bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dugu, eta, euskaraz eroso jarduteko, etxetik kanpoko  arnasgune funtzionalak bermatzea ezinbestekoa dela uste dugu, eskolatik hasita. Hori lortzeari begira, lehenik eta behin, ikastetxeetan haur euskalhiztunak ikasgela desberdinetan sakabanatzeari utzi behar zaio.

Termino hori erabili izan dugu “euskaldun” hitzak egun duen indefinizioa dela eta. Izan ere, euskaldunak historian zehar pasatu dira nazio bat izatetik euskara zerbait dakien edonor edo, kasurik txarrenean, EAEn erroldatutako pertsona guztiak izatera. Funtsean, euskaraz normaltasunez erabiltzen edo erabili nahi duen pertsona da euskalhiztuna. Dena dela, uste dugu euskaldun kontzeptua bere osoan berreskuratzearen alde egin beharra dagoela, eta hemendik aurrera bera izango da nagusiki erabiliko dugun terminoa.

Hona gurasoengandik jasotako testigantza batzuk:

  • Nire semea kurtso hasiera bitan (iraila-abendua bitartean, irakasleak egoera kudeatu arte), jolastorduetan bakarrik egoten zen.
  • Semeak lehenengo ikasturte bii eta erdi eman zituen berba egin barik. Etxean geurekin hilabete bat eman zuen berba erdirik ere esan gabe. Umeentzako psikologoaren diagnostikoa: “mututasun selektiboa”.
  • Gure semea, 8 urterekin edo, eskolako jolastokian zegoela, gelakide batzuekin futbolean jokatzen saiatu zen. Batek zakar erantzun zion jokatu ahalko zuela beti euskaraz berba egiteari uzten bazion. 9 urtetik 11 urtera, LHko 5. eta 6. mailetara espainieraz egiten zuen, euskara horrezkero ez zen lehetasunezkoa. Euskara mordoilo urardotua eta joskera galdua.

Holako egoerek, jakina, eragin negatiboa dute haurrek euskararen balioari buruz garatzen dituzten iritzi eta sinesmenetan. Ume horiek esandakoak dira hauek:

  • Ez badut erdaraz egiten ez naiz onartua izango.
  • Ni saiatzen naiz lagunekin euskaraz egiten baina euren artean erdaraz dabiltzanez ni naiz euskaraz egiten duen bakarra eta ezberdina ez izatearren, batzutan erdaraz egin behar dut; lagunak etxera datozenean, mesedez erdaraz badabil ez insistitu askorik euskararen asuntoarekin ze bestela ez du nahiko gurera etorri atentzioa deitzen ibiltzen bazara.
  • Denek erdaraz egiten dutenez, nik lotsa, urduritasuna edo sentitzen dut.
  • Euskaraz lasai bizi da nire alaba (arnasgune baten parte); semearen diskurtsoa aldiz: euskaraz egitearren ez naiz txarto sentitzen, baina, ama, zer ibiliko dira denak erdaraz eta ni euskaraz? Hola ez da, ni bakarrik egongo naiz euskaraz? Ba nik bakarrik ez dut egingo, ama.
  • Nire seme-alaba bi arnasgune baten parte dira, eta beraz ez dira presionatuta sentitzen; beste semea aldiz erdaraz egitera behartuta sentitzen dela lagunekin jolastu ahal izateko dio, bere hitzetan: denak dakite euskaraz baina nahi dute erdaraz egin eta ni arraroa naiz.

Azken urteetan, esan dugunez, ume euskaldunak gela desberdinetan sistematikoki bananduak izan dira. Banaketa egiteko orduan, ikastetxeetako arduradunek ez bide dute inolako zalantzarik izan euskaldunak nortzuk diren erabakitzeko. Haur horiek sakabanatzeari uzteko eskatzen denean, orduan sortzen dira zalantzak!

Dirudienez, familien hizkuntza-praktikak izan dira orain arte euskaldunak banantzeko erabilitako irizpidea: umeak euskara etxetik baldin badakar, sakabanatu. Beraz, irizpide hori aintzat hartzekoa da ume euskaldunak taldekatzeko ere. Baina ez irizpide hori bakarrik. Testuinguru erdaldun batetik datozen baina halere euskaraz egiteko joera erakusten duten umeak ere sartu beharko lirateke talde horretan. Gure ustez, zuzeneko behaketa da auzi hau ebazteko baliabiderik egokiena.

Arnas Dezagunek ez du hori proposatzen, haur euskaldunak ez sakabanatzea baizik. Ez da gauza bera. Ez dugu nahi “euskaldunen gelak” egotea, baizik eta, posible denean, euskaldunen masa kritiko nahikoa dagoela berma dadila, gutxienez gela batean. Behin hori bermatuta, taldekatutako ume euskaldunak eta gainerako ume erdaldunak ikasgela berean egon daitezke problemarik gabe. Uste dugu euskaldunak taldekatzea, euskaldunentzat ez ezik, erdaldunentzat ere izan daitekeela onuragarria, euren artean euskaraz egiten duten ikasleak daudela erakutsiko litzatekeelako.

Argi gera bedi gure taldea euskara gizartean erabat zabaltzearen eta normalizatzearen alde dagoela, eta hori lortzeko oztopo handia deritzogula segregazioari. Zoritxarrez, segregazio problema larria daukagu hezkuntzan, estrukturala, eta eskolan egiten den ia edozein ekintza segregatzaile gerta daiteke aniztasuna ez bada kontuan hartzen.

Horregatik, inklusioa eta aniztasuna  gure proposamenaren parte izatea nahi dugu, betiere euskara ardatz hartuta eta arnasguneen estigmatizazioari biderik ixten zaiola.

Euskaldunen taldekatzea praktikan jarri aurretik eta bitartean, kasuan-kasuan aztertu beharko dira zein diren ezarri beharreko neurri egokienak. Gure aldetik, iradoki dugu ama hizkuntza gaztelania eta frantsesa ez duten haurrak arnasguneetan sartzea lehenets dadila, uste baitugu hori izan daitekeela ikasle horiek gure hizkuntzaren bidez integratzen laguntzeko era egoki bat. Zergatik ez probatu bide hori? Eremu euskaldunak adibide bikaina dira ikusteko nola testuingurua euskalduna denean jatorria atzerrian dutenak askoz hobeto integratzen diren eta primeran ikasten eta erabiltzen duten euskara.

Dena dela, saio hori arrakastatsua balitz ere, ez dugu segregazioaren arazoa konponduko sistema osoa dagoen dagoenean utzita.

Zalantza horrek kolokan jartzen du euskalduntzearen eta euskalgintzaren oinarria bera: euskaldunen komunitatea trinkotzea. Helburu historiko hori lortzetik oso urrun bagaude ere, uste dugu ezin diogula uko egin, baldin bizirik iraungo badugu. Euskaldunok bat egitea gizartean, harremanetan, kulturaren munduan… ghettoak sortzea ote? Praktikak behintzat ez du hori erakusten. Orduan eskola salbuespena da? Inola ere ez.

Gaur egun abiadura bakarreko ikaste-prozesua dago eskola gehienetan, eremu erdaldunduetan behintzat: ziztu bizia erdalduntzera. Norabide hori aldatu behar da. Hamaika arrazoi eta aitzakia aurki daitezke aldaketarik ez egiteko; ez gaitezen tranpa horretan jausi. Egin ditzagun gauzak kontzientziaz eta arriskuen jakitun gaudela, arriskuok saihesteko.

Ume euskaldunik ez dagoen geletan, hamaika interbentzio egin litezke, errefortzuak erabili, desdobleak egin, eskarmendu handieneko irakasleak bertara bideratu… Hala, baliabideak beharrizanen arabera banatuta, emaitza hobeak lor litezke. Zergatik ez da egiten gaur egun? Gure proposamena, bere xumean, aldaketa sakonago eta ausartagoen lehen pausoa izan liteke.

Gure proposamena D naturaletik harago doan ekimena da, ikasle guztien ezagutza eta erabilera izan behar baita xedea. Gainera, gaurko gizartea asko aldatu da, eta aintzat hartu behar dira azken hamarkadetan etorritako euskal herritar berriak eta haien seme-alabak.

Egiari zor, ez dagokigu guri galdera horri erantzutea, baizik eta ume euskaldunak sakabanatzen dituztenei eta praktika hori defenditzen dutenei. Zein ikerketatan oinarritu dira sakabanaketa sustatzeko? Zeintzuk dira politika horren ondorioak? Non daude hamarkada bi hauetan gauzatutako esperimentu horren datu bilketak, azterketak eta hausnarketak?

Aditu horiek ez dituzte argitara atera, agian ez dituzte egin ere, baina errepara diezaiegun dauzkagun emaitzei, begien bistakoak baitira. Ikus dezagun zein ondo funtzionatzen duen gaztelaniazko mulgiltzeak, zein arin erdalduntzen ari diren gure seme-alabak., besteak beste ume euskaldunak sakabanatzearen ondorioz. Ba ote froga enpirikoagorik?

Horra gure ebidentzia.

Kanpotik etorritako familietako eta gizarte-egoera ahuleko umeei erakutsiz euskara ikastea ez dela alferreko gauza bat, hemen asko garela hizkuntza horretan bizi garen pertsonak. Hizkuntzaren prestigioa eta harremanetarako balioa erakutsiz. Gure komunitatean parte hartzera gonbidatuz. Gorago aipatu dugu oso onuragarria izan litekeela, etxean ez euskaraz ez gaztelaniaz egiten ez duten ikasleentzat, euskaldunen talde trinko baten gela berean egotea. Euskaldunok balio handiko ekarpena egin diezaiokegu integrazioari, gu izaten uzten badigute. Sakabanatzen eta anulatzen ez bagaituzte.

Argi dago lekuan-lekuan aztertu beharreko gaia dela. Printzipioz, gu herri erdaldunduetako guraso euskaldunak izanik, eremu erdaldundu horretako egoera ezagutzen dugu, eta bertan eragin nahi dugu. Dena dela, eremu horren barruan, gauzak ez dira berdinak leku guztietan. Bilboaldean, ez da oso ohikoa kurtso batean bospasei ume euskaldun baino gehiago egotea. Galdakaon, berriz, ikasgela bateko ikasleen erdiak izan daitezke euskaldunak. Horrek beharrizan eta aukera desberdinak sortzen ditu, eta oso kontuan hartzekoa da. Ikastetxetik ikastetxera eta are urtetik urtera ere gauzak asko aldatu daitezke.

Zalantzarik gabe beste interbentzio batzuk ere egin beharra dago, dela ikastetxean –eta batez ere, baina ez bakarrik, euskaldunik ez dagoen ikasgelan–, dela ikastetxetik kanpo (pantailak euskaraz, eskolaz kanpoko jarduerak…).

Bestetik, uste dugu komunitateko kide euskaldunak inplikatzea oso onuragarria izan litekeela. Ildo horretan, guraso euskaldunak animatu beharko genituzke parte hartzera, bai ikasgeletan (baita erdaldunen gelan ere), bai gelaz kanpoko jardueretan.

Ez. Hezkuntzan eta euskararen transmisioan daukagun arazo potoloa konpontzeko egin daitezkeen urratsen artean egiten errazena da. Borondatea baino ez da falta, beldurrak kendu eta gure ustez kaltegarriak diren aurreiritzi batzuk gainditzea. Horren gaineko eztabaida pizteko irten gara plazara.

Gure manifestua sinatzera animatzen ditugu Euskal Herria osoan gure egoera berean dauden gurasoak, bai eta hemen eskatzen dugunarekin ados dagoen beste edonor ere.

Sinatzeko, ondoren agertzen den formularioa bete behar duzu. Gogoan izan formularioa bete ondoren zure e-postan jasoko duzun egiaztatze-esteka sakatu behar duzula. Formularioan zure atxikimendua publikoa egingo den ala ez hautatu dezakezu.

Ekimena aurkeztu aurretik Euskal Herriko hainbat arlotan ezagunak edo esanguratsuak diren 163 pertsonak babestu dute gure ekimena eta guztira 1352 lagunek sinatu dute gure manifestua haien atxikimendua adierazteko.