𝑬𝒁 𝑺𝑨𝑲𝑨𝑩𝑨𝑡𝑨𝑻𝑼 𝑯𝑨𝑼𝑹 𝑬𝑼𝑺𝑲𝑨𝑳𝑯𝑰𝒁𝑻𝑼𝑡𝑨𝑲!

EUSKARA UME GUZTIENTZAT

Lehenik, gure esker ona eta aitortza eskoletan haurrak euskalduntzeko lanean diharduten irakasleei, urte luzez euskararen alde egindako lan eskergarengatik. Alabaina, azken urteotan argi gorri guztiak piztu dira, haurren eta gazteen euskarazko gaitasuna eta erabilera maldan behera doazelako.

Ez da soilik eskolaren ardura, inondik ere. Euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da gizarte-jarduera gehienetan, era guztietako pantailetan edota hizkuntza paisaian adibidez, eta horren ondorioak agerikoak dira. Edonola ere, hezkuntza sistemak berebiziko eragina du haur eta gazteen hizkuntza ohituretan.

Ikastetxe askotan haur euskaldunak sakabanatuak izaten dira, eta euskara baztertu eta erdaraz jardun beste aukerarik ez dute

Arnas dezagun ekimeneko kideok udalerri erdaldunduetan bizi garen guraso euskaldunak gara, eta gure seme-alabek euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten nahi dugu, baina ez dago erraza. Ezta D ereduko ikasgeletan ere. Izan ere, ikastetxe askotan, euskara etxetik dakarten haurren euskalduntzea, osatu beharrean, oztopatu egiten da, erdara nagusi delako jolas eta jantoki orduetan eta, sarri, baita klase barruan ere.

Eskolan, lehentasuna behar luke euskaraz mintzatzeko gune erosoak bermatzea, haur guztiei euskara erabiltzeko aukerak errazteko. Ikastetxe askotan, ordea, haur euskaldunak sakabanatuak izaten dira, euskara baztertu eta erdaraz jardun beste aukerarik ez dute, bestela izan ditzaketen integrazio edo onarpen arazoen beldur. Horren ondorioz, euskararekin lotutako bizipen eta uste etsigarriak garatzen dituzte maiz.

Ikastetxeetako zuzendaritzei eta arduradun politikoei eskatzen diegu arnasgune funtzionalak sortu eta berma ditzatela

Egoera horretan, haurrok ez dute euskaraz jarduteko aukerarik irakasleekin ez bada; ez euskaldunek, ez erdaldunek, eta denak irteten dira galtzaile. Horrela zapuztu egiten da D ereduaren helburu nagusia: derrigorrezko eskolaldia amaitutakoan haurrak euskal hiztun osoak ere izan daitezela bermatzea.

Horiek horrela, Euskal Herriko ikastetxeetako zuzendaritzei eta Hezkuntzako arduradun politikoei eskatzen diegu arnasgune funtzionalak sortu eta berma ditzatela ikasleek euskaraz eroso jardun ahal izateko.

Euskal Eskolan aniztasunaren eta inklusioaren ardatza euskara izatea logikoena da

Horretarako, herri erdaldunduetan batez ere, premiazkoa da haur euskaldunak elkartzea eta euren arteko harremana erraztea, haur erdaldunak bazter utzi barik. Bestela esanda, euskaldun izateko eskubidea errespetatuko bazaie, haur euskaldunak ez dira elkarrengandik bereizi behar, bermatuta ez badago euskara dela ikasgelako eta ikastetxeko hizkuntza nagusia behintzat.

Taldeak osatzeko garaian, haur euskaldunekin batera jartzeko, ama hizkuntza gaztelania (frantsesa Iparraldean) ez duten umeak lehenets daitezke, euskara komunikazioan ardatz izatea, eta haur etorkin atzerritar horien inklusioa errazteko. Euskal Eskolan aniztasunaren eta inklusioaren ardatza euskara izatea baita logikoena, eta ez gaztelera (edo frantsesa Iparraldean) orain arte bezala.

Haur erdaldunei berariazko laguntza eskaini behar zaie euskara maila indartzeko

Haur erdaldunei (erdara zein den ere) berariazko laguntza eskaini behar zaie ikastetxeotan, euren euskara maila indartu eta euskalduntze prozesua azkartzeko, beste ikasgaiei heltzeko orduan ere onuragarri izango baitzaie.

Funtsezkoa da haurrek euskarazko gaitasun egokia izatea, eta komunitate kontzientzia positiboa. Soilik horrela ahalbidetuko da haur eta gazte euskaldunak euskaraz askatasunez aritu ahal izatea eta etxetik erdara dakarten haurrek euskarazko gaitasun nahikoa lortzea.

Manifestu hau sinatzera animatzen ditugu Euskal Herrian gure egoera berean dauden gurasoak, bai eta eskatzen dugunarekin ados dagoen beste edonor ere. Halaber, dei egiten dizuegu manifestua zabaltzera lagunartean, familian, eskolan, guraso elkartean, sare sozialetan, herrian eta nonahi.

Arnas Dezagun Guraso Taldea