Jatorrizko elkarrizketa Leako Hitza aldizkariaren web orrian irakurgai dago: https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/generoak/iritziak/ibai-mugarzak-ez-du-arnas-dezagunen-proposamena-ulertu/
Ideien truke errespetuzkoa eta zintzoa aberasgarria da. Baina ez dugu ez zintzotzat ez aberasgarritzat hartzen Ibai Mugarzak HITZAn idatzi duen zutabea. Hala ere, gure proposamena argitzen saiatuko gara.
Arnas Dezagunek ez du ikasleak «bi talde diskriminatibotan banatzea» eskatzen. Diskriminaziorik ez dugu inorentzat nahi. Izan ere, egun, herri erdaldundunetako ikastetxe gehienetan, haur euskal hiztunak sakabanatzen dituzte erdaldunak oso nagusi diren geletan, denen kaltetan: euskal hiztunei euskaraz egiteko aukera ukatu eta euskara nahiz euskaldunekiko gutxiespen usteak garatuarazi. Erdal hiztunei, hizkuntzaz jabetzeko prozesuan lagunduko dien ikaskiderik gabe uzten zaie. Denak galtzaile.
ADek haur euskaldunak ez sakabanatzea eskatzen du, elkarren artean euskaraz egiteko aukera izateko lehenik, eta ikaskideentzat euskarari heltzeko zubi izateko, bide batez. Horrela, haur erdaldunek ere arinago eta hobeki ikasiko dute euskara. D ereduaz ari garela, denei komeni zaie euskara ahalik eta ondoen eta arinen ikastea.
Prozesu horretan haur euskaldunak funtsezko helduleku dira haur erdaldunentzat. Sakabanatu eta erdalduntzen baditugu, ikaskide erdaldunentzat heldulekurik ez, eredurik ez, ikasprozesua osatzerik ez. Bestalde, haur etxetik erdal hiztunentzat euskalduntzeko baliabide gehiago eta hobeak ere eskatzen ditugu, haurron jatorria edozein dela ere. Soilik hizkuntzaz ari gara.
Giro euskaldunago bat, euskaraz hitz egiteko bermea eta haur guztiak ahalik eta ondoen euskalduntzea galdegiten dugu. Hori bezain sinplea, berdinzalea eta irekia. Neurri segregazionista guztien aurka gaude, horregatik, ez dugu haur euskal hiztunak ere «segrega» ditzaten nahi. Gure manifestuaren goiburuak argi dio: «Ez sakabanatu haur euskal hiztunak», egun euskaldunen zein erdaldunen kaltetan egiten den moduan.
D ereduan euskararen erabilera bermatzeko haur euskaldunak trinkotu beharra dago; ez sakabanatu, ez besteengandik banatu, trinkotu soilik. Aniztasunean, elkartasunean, enpatian eta laguntasunean hezi eta bizi nahi dugu, baina D ereduan euskara ardatz, eta ez gaztelera jaun ta jabe, egun gertatu bezala.
Eta Mugarza jauna, ez diogu inori oxigenoa kendu nahi. Baina haur euskaldunek ere oxigenoa merezi dutela uste dugu, beste edozeinek bezainbeste.
–Itziar Rekalde. Ama, irakaslea eta Arnas Dezagun ekimeneko kidea.