Hezkuntza Lege berri baten lanketan ari dira EAEko alderdi politikoak. Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak aurkeztutako lehen zirriborroaren ondotik, EAJ-k eta PSEk adostutako zuzenketak ezagutu ditugu, eta lehen testuak eragiten zigun kezka areagotu besterik ez zaigu egin Arnas Dezagun ekimeneko gurasooi. EAJrengaindik behintzat, ez genuen halako atzera-jauzirik espero. Baina testuari ekin aurretik, ekar dezagun gogora, labur bada ere, hizkuntzari dagokionez nondik abiatzen garen EAEko Hezkunza sisteman.
Egun, derrigorrezko hezkuntzako ikasleen % 65 inguru D ereduan daude matrikulatuta (Haur Hezkuntzan %80 inguru). Aldiz, Lanbide Heziketan %20ra ere ez dira heltzen, aurreko eskolatzean euskalduntzen eginiko ahaleginak zuloan behera botaz, lan munduaren atarian. Gogorarazi ere, EAEko eta Nafarroako D ereduko ikasle guztiek menperatzen dutela gaztelera, derrigorrezko gazteleraren erreinuan eta itsasoan bizi garenez.
Bestalde, Jaurlaritzaren baitako ISEI institutuak agerian utzi du D ereduak gero eta zailtasun handiagoak dituela ikasleak euskalduntzeko (%40k ez dute nahikotasun maila eskuratzen derrigorrezko ikasketak burututa). Oinarri hauekin, murgiltze eredua ez den beste edozein ereduk atzerakada besterik ez du eragingo gazteen euskalduntzean. Asko kezkatzen gintuen alderdiak eredu eleanitzaren inguruan jarduten ikustea, eta EAJ-k eta PSEk adostutako zuzenketak dagoeneko jasaten dugun krisia areagotzera datoz. Izan ere:
Hezkuntza eredu hirueleduna (euskara, gaztelera eta ingelesa irakas-hizkuntza gisa) proposatu dute, euskarazko gaitasunaren eta hezkuntzaren kalitatearen kaltetan. Jatorrizko testuan, ikastetxeek euskararentzat arnasgune behar zutela aipatzen zen, baina zuzenketetan, desagerrarazi dute aipua. “Ikasleen hizkuntza-gaitasunak hobetzea” aipatzen zen ere jatorrizkoan, baina zuzenketetan “gaitasun guztiak hobetzea” baino ez da jasotzen. Jatorrizkoak, ikasketak burututakoan “bi hizkuntza ofizialak maila berean menperatu beharra” ezartzen zuen. Adostutako zuzenketek “bi hizkuntza ezagutu beharra” baino ez du jasotzen, “maila berean” desagerrarazita. Hezkuntza “eleanitz eta kulturartekoaren” alde egiten dutela diote “hizkuntz eta kultur konzientzia zabal bat eskuratzeko” xedez. Eufemismoak gorabehera, proposamena euskara eta euskal kultura fikziozko sistema “eleanitz eta kulturarteko” batez ordezkatzera dator, akulturazioa eta gazteleraren nagusitasuna areagotuz, ingelesaren komodina lagun.
Eskolaren euskalduntzeko ahalmenari azkena eman nahi diote? Haur etxetik euskaldunak sistematikoki sakabanatzea, EiTBko eta pantaila guztietako euskarazko eskaintza ikaragarri pobrea, gizarte sareen erdal itsasoa, euskarazko kultur eskaintza orokorraren eskuragaiztasuna eta beste hamaika mehatxu zama nahikoa ez baziren, adostu duten eredu hirueledun honek azkena eman diezaioke eskolaren euskalduntzeko ahalmenari.
Arnas Dezagun guraso-ekimenean oso kezkatuta gaude azken hilabeteotan ikusi ditugun mugimenduekin. Itxaropen izpi bat eragin digu hala ere, ELA, LAB, Steilas eta CCOOk egin duten greba deialdi bateratuak, besteren artean honako aldarrikapena egiten duenak: “euskararen murgiltze eta mantentze eredu orokortua, ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko diona eta ikastetxe bakoitzaren ingurune soziolinguistikoaren arabera egokitua, tokian-toki euskara indartzea helburu izanik”.
Hori da bidea, eta orain da eragile euskaltzale guztiok batera jokatzeko unea. Egoera larria da. Neurriko erantzuna ematea dagokigu, ortzimuga areago belztu baino lehen.
—
Mitxel Elortza eta Itziar Rekalde
Arnas Dezagun ekimeneko kideak