Joan den ostiralean, EAJ-k, PSEk, EPek eta EH Bilduk “historikoa” omen den hezkuntza-ituna  adostu  zuten. Ordezkaritzari dagokionez, legebiltzarkideen %90 baino gehiagoren babesa bildu dute. Deigarria da, hain akordio biribila lortu arren, oraindik publiko egin ez izana. Ez dugu, beraz, “akordio historikoa” baloratzeko nahikoa informazio, soilik, alderdi ezberdinen balorazio labur eta nahasiak. Hauteskundeetan bezala, guztiak omen garaile. Guztiek egin dute bere, akordioa lortu izanaren “garaipena”.

EAJko Ortuzarrek akordioaren garrantziaz batera, ekarriko ei dituen “egonkortasuna eta ziurtasuna” azpimarratu zituen. Euskarari buruz txintik ere ez.

PSEko Anduezak talde guztiak zoriondu zituen “por suscribir la apuesta de los Socialistas Vascos por una educación que pivote sobre un marco plurilingüe, las tres lenguas vehiculares…” etab.

Elkarrekin-Podemosek bere burua zoriondu zuen “un modelo plurilingüe centrado en la realidad de cada territorio” lortu izanagatik, besteak beste.

EHBilduko Otxandianok aitortu zuen eredu eleaniztuna izango dela, euskara ardatz, baina irakaskuntza prozesuan beste hizkuntzak ere erabiliko direla. Oso garrantzitsutzat jo zuen B2 maila lortu beharra akordioan egotea. Bere aburuz, murgiltze ereduak ezarri beharko dira, ituna bete dadin.

Baina orduan, zergatik ez (ei) da akordioan murgiltzea aipatu ere egiten? Gauza bera esan genezake euskal curriculumaren eta marko arautzaileen defentsaren inguruan ere.

D ereduan ikasleak euskalduntzeko gero eta zailtasun handiagoak ageri direlarik (ikasleen %40k ez du euskarazko nahikotasun maila eskuratzen), nola nahi dute ikasleek B2 maila eskuratzea, gaztelera eta ingelesa ere irakas-hizkuntza izango dituen eredu eleaniztun batean?

Haur euskaldunak sistematikoki sakabanatzen jarraituko duten beldur gara, bestalde, taldeotako batek ere ez baitu ezer ere esan taldekatze irizpideei buruz.

Eredu hirueledun batean eta haur euskaldunak sakabanatuta, zein mirariren bitartez nahi dituzte ikasleak euskaldundu? Itun historikoa barik, atzerapausu historiko baten atarian ez ote gauden beldur gara.

.

Mitxel Elortza eta Itziar Rekalde
Arnas Dezagun ekimeneko kideak