Jatorrizko artikulua Berria egunkariaren web orrian irakurgai dago: https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2022-10-15/elebitasun-kaltegarria.htm
Etxetik euskaldun diren haurren euskararekin zer gertatzen da D ereduan? Etxetik euskaldun diren haur guztien gaitasun komunikatiboa ez da berbera, noski; badira udalerri txiki euskaldunetan euskara hutsean pentsatzen duten umeak, eta badira orobat etxetik euskaldun izan arren komunikazio gaitasun aski mugatua dutenak. Nolanahi ere, haur euskaldun hauen sozializazio esparrua familiatik at eskolaren inguruko eremura hedatzen denean, bi gauza gertatzen dira funtsean: batetik, euskalduntasun akademiko formalean murgiltzen dira, eta, bestetik, ahozko elebitasun eredu erauzgarrian (euskalduntasuna kaskartzen duena) amiltzen dira.
Balizko elebitasuna onuragarria denean bi hizkuntzen erabilera gehigarria da; batak ez du bestearen erabilera eta garapena eragozten. Aldiz, elebitasuna kaltegarria denean, hizkuntzen erabilera desorekatuak hizkuntza nagusiaren erabilera garatu eta gailendu egiten duen bitartean azpiratuarena erauzi, murriztu eta kaltetu egiten du. Bigarren elebitasun mota horrek espainiera indartzen du haur elebidunen ahozko jardun informalean, eta ume horien euskarazko mintzamoldea hondatu. Hartara, etxetik euskaldunak diren haur gehienen ahozko gaitasun komunikatiboa hobetu eta osatu ordez, D ereduko ikasleen mintzamoldea gero eta okerragoa da batez besteko. Euskararen kalitate galtze hori, gainera, euskararen arnasgunetzat dauzkagun testuinguru soziolinguistikoetan ere gertatzen da.
«Arnas Dezagun ekimeneko kideok udalerri erdaldunduetan bizi garen guraso euskaldunak gara, eta gure seme-alabek euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten nahi dugu, baina ez dago erraza. Ezta D ereduko ikasgeletan ere. Izan ere, ikastetxe askotan, euskara etxetik dakarten haurren euskalduntzea, osatu beharrean, oztopatu egiten da, erdara nagusi delako jolas eta jantoki orduetan eta, sarri, baita klase barruan ere» (Arnas Dezagun, Manifestua).
Guraso hauen kritikak elebitasun murrizgarriaren izaera galgarria salatzen du. Teorian eskolak haur euskaldun horien hizkera informala euskalduntasun kulturalarekin osatu eta hobetu egin behar luke. Diglosia gainditzeak hori zekarrela uste genuen behintzat. Baina oraingo errealitate soziolinguistikoa doi-doi alderantzikoa da: sozializazioaren esparruak familia gainditu eta eskolaren jirako harreman-sare informaletan murgildu ahala, etxetik euskaldun diren haurren mintzamoldea narrastu egiten da. Erdal hizkuntza hegemonikoaren eragin bortitzak ez dauka hesirik eskolaren ingurumariko esparru soziolinguistikoetan. Ondorioz, D ereduko hezkuntza esparru mikroa ezin da arnasgune funtzionala bihurtu, egitura soziolinguistiko makroan hizkuntza hegemonikoak dena irensten duelako.
Elebitasunaren aldeko teoria eta iritzien ahotsak ez dira askorik arduratzen elebitasunaren eredu galgarriaz. Bost axola zaie elebitasunaren alde txarra, nonbait. Badirudi elebitasunak beti eta non-nahi mesedegarria izan behar duela denentzat. Eztabaida honetan, batetik, elebitasunaren alde onuragarriak bakarrik azpimarratzen dituen iritzi tolesgabea mintzo zaigu elebitasuna beti hiztun eta hizkuntza guztien onerako delakoan; bestetik, berriz, nazionalismo linguistiko espainolaren edo frantsesaren ideologia mintzo zaigu beren neurriko eta izaerako elebitasuna aldeztuz. Alabaina, hizkuntza bat minorizatua eta baztertua baldin badago eta bestea hizkuntza nazional hegemonikoa baldin bada, egoera soziolinguistiko horri darion elebitasuna badakigu norentzat izango den ona eta norentzat txarra: Espainiarentzat eta Frantziarentzat mesedegarria eta Euskal Herriarentzat kaltegarria.
Gure hizkuntza politika autonomikoak haur euskaldunak sortzeko baldintza soziolinguistikoak hobetu beharrean, etxetik euskaldun direnen euskalduntasuna murriztu eta etxetik erdaldun direnen euskarazko mintzamena zapuztu egiten du. Dagoeneko hamarkadak igaro dira eta hizkuntza politika autonomikoaren porrota ukatzeko itsua izan behar da. Politika horrek euskaldundu dituen belaunaldien gaitasun komunikatiboak ez du gainditzen erdal elebidunen langa. Motibazioan antzu eta taxuzko gaitasun komunikatiborik gabeko euskal hiztunak dira D ereduko haur-gazteak, motzean esanda. Bada besterik ere: erdal elebidunen eta erdal elebakarren arteko aldea zertan datza maila praktikoan? Erdal elebidunari ez datorkio euskal hitzik berez eta nekerik gabe mintzora, hitzak bultzaka eta arrastaka ekarri behar izaten ditu. Horrela izanda, ez da harritzekoa erdal elebidunaren ohitura linguistikoa espainieraren aldekoa izatea.
Euskaldun sentitzen ez diren belaunaldiak sortu ditu, hortaz, gure autonomismo eusko-espainolak. Espainieraren ezinbestekotasunak arautu eta moldatu ditu gure haur eta gazteen hizkuntza ohiturak, eta, ondorioz, bizitzeko beharrezko ez duten euskararen ideia sartu zaie hezurretaraino. Hizkuntza espainol edo frantsesaren guztizko gailentasunak ez du arnasarik hartzen uzten, eta haurren izaera eta jokaera praktikoak hegemonia soziolinguistikoaren legera makurtzen ditu.
Hiztunen elebitasuna erlatiboa da, noski, baina erlatiboa delako, bi hizkuntza komunitateen arteko botere harremanak ezin dira oinarritu bataren ezintasunean eta bestearen noranahikotasunean. Elebitasuna hizkuntza hegemonikoaren aldeko praktika soziolinguistikoa izaten da ia beti, eta gurean zer esanik ez. Elebitasun indibiduala elebitasun sozialaren araberakoa izaten delako, hain zuzen. Elebitasunaren on-gaitzak egitura soziolinguistikoaren izaerak mugatzen ditu. Auzi honekin loturik dagoen beste kontu bat zera da: hizkuntzaren funtzio informala egoera eta testuinguru komunikatiboari dagokionez azkengabea dela, eta, horrenbestez, ahozkotasuna ezin dela ikasgelan behar bezala ikasi eta landu.
Elebitasun autonomikoak euskaldunok bigarren mailako herritar bihurtzen gaitu baldintza soziolinguistiko egokienetan ere: «Azkoitian sortu nintzen, munduko leku euskaldun eta tradizionalenetako batean. Baina orduan, eta gaur egunera arte, Azkoitian garrantzi gehien duten gauzak gazteleraz pasatzen dira, eta ez zara inor El Diario Vasco-n agertzen ez bazara» (Anari, BERRIA, 2022-07-12).
Joxe Manuel Odriozola – Euskaltzalea
2022ko urriaren 15an Berria egunkarian argitaratutako artikulua