Jatorrizko elkarrizketa Argia aldizkariaren web orrian irakurgai dago: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2757/mitxel-elortza

Arnas Dezagun duzue taldea, haur euskaldunak gela berean biltzearen aldeko zaretela besterik ez dakigu…

Izan, Arnas Dezagun guraso euskaltzalez osatutako talde bat da. Partaideok Euskal Herriko udalerri erdaldunduetan bizi gara, eta gure haurrak D ereduan ikasten ari dira. Euskal hiztunak dira, gutxiengo dira ikasgelan, baina ikastetxe gehienetan, haiek elkarrekin jarri ordez bateko eta besteko geletan sakabanatzen dituzte. Haur erdaldunak tartean egonda euskaraz jardutea zaila da, eta sakabanaketaren ondorioz, berriz, gure haurrek euskaraz hitz egitea erabat ezinezko gertatzen da. Gure haur euskal hiztunei errotik ukatzen zaie euskaraz jarduteko aukera, D ereduan izanagatik ere! Ondorioa da gure haurrak zeharo erdalduntzen direla, oso denbora laburrean ere!, euskara bazter uzten dutela, bai eskolan, bai eskolatik kanpo. Arazo larri horri konponbide bat aurkitzeko premiak zenbait guraso elkartu gintuen Arnas Dezagunen.

Aurten, uda aurretik ere bazenuten kezka, han edo hemen idatzi zenuenez.

Ekainean harremanetan jarri ginen kezka partekatzen genuen hainbat guraso. Sare sozialetan izan genuen elkarren berri, eta bideo-deiz bilera bat egitea erabaki genuen. Arnas Dezagun taldearen sorburua izan zen. Harrezkero, gaia gizartera zabaldu dugu, eta Euskal Herrian egoera berean gauden familiak saretzen saiatu gara. Gure seme-alabek eskolan ere euskaraz bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dugu eta, horretarako, uste dugu ezinbestekoa dela euskaraz eroso jardutea ahalbidetzen duten arnasgune funtzionalak egotea. Are gehiago, ikusirik D ereduko ikastetxe askotan ere erdara dela harreman-hizkuntza nagusia. Hortaz, euskara etxetik dakarten haurrak ez sakabanatzeko eskatzen dugu, haur horiek elkarrekin egonda soilik izango dutelako euskaraz jarduteko aukera. Sakabanaketak ez du zentzurik: euren artean euskaraz egitea eragozten die, eta, bestalde, ez die haur erdaldunei inolako ekarpenik egiten. Guztiak aritzen badira gaztelaniaz, non daude onurak?

“Arnas Dezagunek ez du haur erdaldunak eta haur euskaldunak banatzeko eskatzen, haur euskaldunak ez sakabanatzeko baizik”

Etxetik euskaraz datozen haurrak ez sakabanatzeko eskatzen duzue, oroz gain.

Arnas Dezagunek ez du haur erdaldunak eta haur euskaldunak banatzeko eskatzen, haur euskaldunak ez sakabanatzeko baizik. Alegia, ez dugu nahi “euskaldunen gelak” egotea, baizik eta euskaldunen masa kritiko nahikoa dagoela berma dadila, posible den kasuetan, behintzat. Eta, gutxienez gela batean, euskara izan dadila ikasle horien harreman-hizkuntza nagusia, eta eredu eta zubi gainerako geletako haurrentzat. Haur euskal hiztunak erdaldunekin batera egon daitezke ikasgelan, baina eurak sakabanatuta egon gabe. Ezinbestekoa deritzogu horrela jokatzeari, baldin eta inoiz euskara bihurtuko bada, arian-arian, ikasgeletako zein ikastetxeko hizkuntza nagusia. Sakabanaketaren ondorioz, ikasle euskaldunek euskara baztertu eta gaztelaniaz jardun beste biderik ez dute. Batetik, gaztelania ez erabiltzeak ekar diezazkiekeen integrazio arazoen beldurrez, eta, bestetik, berriz, gainerako haurren presioen ondorioz. Horiek horrela, euskararekin lotutako bizipen eta uste etsigarriak garatu ohi dituzte. Horrek kolokan jartzen du, gaurko erabilera ez ezik, biharko transmisioa ere. Beraz, presazkoa da egoera horri amaiera ematea.

Haur euskal hiztunak ez sakabanatzeak, haur erdaldunak abandonatu egin behar ditugula esan nahi du?

Gure nahia ikastetxeko haur guztiak euskalduntzea da. Ikasle euskaldunak elkartuta, arreta berezia eman beharko zaie etxetik gaztelania dakarten haurrei. Batetik, euskaraz jarduteko ohitura —eta lotsa gabe, harrotasuna—, duten ikaskide euskaldunen ezinbesteko eredua eskainiko zaie; horri motor eta antena efektua esaten diote adituek. Bestetik, baliabideak eta laguntza berezitua bideratu beharko da haur erdaldunengana. Txikitan ezartzen diren hizkuntza harremanak gerora aldatzea zailagoa da, eta oso garrantzitsua da harremanak lehenbailehen euskaraz bideratzea; ahalik eta adin txikienetik. Eta hortxe daude aniztasuna eta inklusioa ere. Hor euskarak funtsezko rola izan behar luke, baina ez dauka. Gure proposamenak kontu horiei ere heldu nahi die, betiere euskara ardatz hartuta eta arnasguneen estigmatizazioari bidea itxita. Guk zera proposatzen dugu: ama-hizkuntza gaztelania —edota frantsesa, Ipar Euskal Herrian—, ez duten haurrak arnasgune funtzional horietan sartzea lehenestea. Gure ustez, era egokia izan daiteke ikasle horiek gure hizkuntzaren bidez integratzen laguntzeko.

Nola zehaztu nortzuk diren ume euskaldunak, hau da, euskal hiztunak?

Ikasle euskaldunak gela ezberdinetan banatzerakoan, ikastetxeetako arduradunek ez dute inolako zalantzarik izaten euskal hiztunak nortzuk diren erabakitzeko. Dirudienez, familia barruko hizkuntza-praktikak izan dira orain arte banaketa egiteko erabilitako irizpidea: umeak euskara etxetik baldin badakar, sakabanatu. Gure ustez, irizpide berberak balio beharko luke ume euskaldunak taldekatzeko ere. Horrez gain, testuinguru erdaldun batetik datozen baina hala ere euskaraz egiteko gogoa edo joera erakusten duten umeak ere euskaldunen multzoan sartu beharko lirateke. Ikasgela barruko behaketa zuzena tresna egokia izan daiteke sailkapen hori egiteko.

“Gure haur euskal hiztunei errotik ukatzen zaie euskaraz jarduteko aukera”

Aski da haur euskaldunak besterik gabe gela berean biltzea, edo bestelako esku hartzerik ere behar da?

Ez da aski, ezta hurrik eman ere, baina oinarrizkoa da. Zalantzarik gabe, beste interbentzio batzuk ere egin beharra dago, bai ikastetxe barruan, bai ikastetxetik kanpo. Ikastetxe barruan, batez ere —baina ez, bakarrik—, euskaldunik ez dagoen ikasgeletan. Ikastetxetik kanpo, EiTBn eta pantalla guztietan, eskolaz kanpoko jardueretan, gurasoen jarrera eta praktiketan, hizkuntza-paisaian, askotariko arreta-zerbitzuetan, euskarazko produktuen eskaintzan eta gainerakoetan. Taldekatzeak egiten hasi aurretik, eta egin bitartean, kasuan-kasuan aztertu beharko da zein diren ezarri beharreko neurri egokienak. Haur euskaldunik ez dagoen geletan hamaika esku-hartze egin litezke, errefortzuak erabili, bikoizketak egin, eskarmentu handieneko irakasleak bideratu… Baliabideak beharrizanen arabera banatuta, emaitza hobeak lortuko dira.

“Gurasoen jarrera eta praktikak” esan duzu. Zer eskatuko zeniekete guraso euskaldunei?

Gure ustez, komunitate bakoitzeko kide euskaldunak inplikatzea oso onuragarria izan liteke. Guraso euskaldunek zuzenean parte hartu beharko lukete, bai ikasgeletan —baita erdaldunen gelan ere—, bai gelaz kanpoko jardueretan. Herri proiektuak abiaraztea litzateke eraginkorrena, herriko eta auzoko erakunde eta eragile ahalik eta gehienen partaidetza zuzenarekin. Horrek guztiak oinarri bat behar du: euskal hiztunen kolektiboa; ikastetxeen kasuan, haur euskaldunek osatzen dute kolektiboa. Gure proposamena gauzatzea, bere xumean, aldaketa sakonagoen eta ausartagoen aldeko lehen pausoa izan liteke.

Zein oztopo izan dituzue Arnas Dezagunen orain arteko bidean? Kontrako iritzirik ere bada.

Ekimena plazaratu zenetik, kontrako iritzi batzuk entzun ditugu, bai, baina askoz gehiago izan dira jaso ditugun atxikimenduak eta babes esplizituak. Guztiarekin, kritikak zilegi bezain beharrezkoak dira, zintzoak eta eraikitzaileak diren neurrian, eta ekarpen interesgarriak jaso ditugu ikuspegi kritikoa agertu duten batzuengandik ere. Hala ere, oztoporik handiena ikastetxeen jarrera itxia izan da. Dena dela, oraindik orain, auziaz hitz egiteko gonbita jaso dugu Ikastolen Elkartetik. Baliteke auzia berbideratzeko eta bide onetik abiatzeko lehen urratsa izatea. Itxaropentsu joango gara bilerara.

“Testuinguru erdaldun batetik datozen baina euskaraz egiteko gogoa duten umeak ere euskaldunen multzoan sartu beharko lirateke”

Sostengurik izan duzue?

[Azaroaren 27an Arnas Dezagun manifestua aurkeztu zuten Bilbon. Orain arteko atxikimenduen zerrenda publiko egiteaz gain, herritar guztiei irekitako babes-kanpaina iragarri zuten]. Gure aldarrikapenak aldeko iritzi, elkartasun-adierazpen eta atxikimendu ugari eta askotarikoak bildu ditu. Ia 100 irakasleren babesa jaso dugu, eta dozenaka euskaltzale ezagunek ere bat egin dute gure ekimenarekin: soziolinguistikan adituak dira, edo kazetariak, artistak, kirolariak, musikariak, idazleak, bertsolariak… Guraso askoren sostengua eta esker ona ere heldu zaigu, erabat identifikatu baitira ekimenarekin, eta batzuek pena dute berandu jarri delako martxan, haien seme-alaben garaian ez zelako holakorik plazaratu. Argi dago funtsezko gai bat jarri dugula mahai gainean, eta esan daiteke euskaldun askok sentitzen dutenarekin konektatu dugula. Azaroaren 27an Arnas Dezagun manifestua aurkeztuko dugu Bilbon. Bertan, orain arteko atxikimenduen zerrenda publiko egiteaz gain, herritar guztiei irekitako babes-kanpaina bat iragarriko dugu.

Arnas Dezagunek ez du haur erdaldunak eta haur euskaldunak banatzeko eskatzen, haur euskaldunak ez sakabanatzeko baizik. Alegia, ez dugu nahi “euskaldunen gelak” egotea, baizik eta euskaldunen masa kritiko nahikoa dagoela berma dadila, posible den kasuetan, behintzat.

Bai, zalantza gabe. Horregatik egin dugu haur euskaldunak ez sakanabatzeko eskaria, hain zuzen. Taldekatzeak arreta eta mimo handiz egin behar direlako, haur euskal hiztunen —eta beren familien—, hizkuntza-eskubideak zaintzeko eta haur etxetik erdaldunen ikasprozesua errazteko; horien familien mesedetan ere bai. Gure ustez, funtsezkoa da ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzaren, irakasleen eta gurasoen iritzia kontuan hartzea. Horregatik eskatzen dugu auzi honen gaineko hausnarketa lasaia, objektiboa, eta manipulaziorik gabea. Eta, horregatik, ezer egin aurretik ere, jo genuen adituengana, gure proposamenaren gaineko iritzi kualifikatua jasotzearren. Eta berriro azpimarratuko dugu: haur euskaldunak ez sakabanatzea da eskatzen duguna, ez dugu eskatzen gainerakoengandik  bereiztea. Haur euskaldunek haur etxetik erdaldunekin elkarreragitea eta nahastea nahi dugu, baina euskara ardatz, eta ez gaur egun gehienetan gertatzen den bezala, gaztelera hutsez.

Ikerketak

“Ez dagokio Arnas Dezaguni ikerketak badiren, ez diren, galderari erantzutea, baizik eta ume euskaldunak sakabanatzea defendatzen dutenei. Zein ikerketatan oinarritu dira sakabanaketa sustatzeko? Zeintzuk dira politika horren ondorioak? Non daude hamarkada bi hauetan gauzatutako praktika horren datu bilketak, azterketak eta hausnarketak? Sarritan entzun eta irakurri dugu —  euskalgintzaren mundutik, nagusiki—, euskal komunitatea trinkotu egin behar dela euskarak aurrera egin dezan nahi badugu. Trinkotze premia horretatik kanpo utzi behar ote dugu eskola? Nola esplikatzen dute euren jarrera, euskaldunak trinkotzearen alde baina Arnas Dezagun proposamenaren kontra daudenek?

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berak bi urtez behin egiten duen ebaluazio diagnostikoen arabera, euskara gaitasunak eta erabilerak txarrera egin dute etengabe D ereduan, 2011n, 2013an, 2015ean, 2017an eta baita 2019an ere. Horra zer dioten ikerketek. Ez ote da garaia gainbeherari buelta ematen hasteko?” (Mitxel Elortza, Arnas Dezagun-eko bozeramailea).