Galdakaoko ikastolako ikasle ohia naiz ni. Oso gogoan dut duela 40 urte inguru, bertan ikas nezan, nire gurasoek, beste askok bezalaxe, egindako guztia. Ezin ahaztu auzolanean inbertitu zuten lana, bileretan eta eztabaidetan eman zituzten orduak eta egindako ahalegin ekonomiko handia: Militantzia.
Ikastola maitatu, euskaraz egin eta euskal kultura ezagutu genezan orduko zuzendari eta irakasleen kronpromiso maila eredugarria zen. Erabat motibagarria.
Zentzu zabalean, gure Ikastolak ematen zituen emaitzak oso onak ziren, eta ordain gisa, harrotasunez esan izan dut beti non hezitakoa/ikasitakoa naizen.
Gaur egun, nire haurrek ere bertan ikasten dute. Nire Ikastola berean matrikulatzeko inolako zalantzarik ez nuen izan, berau bukatuta, nire haurrak euskal hiztun izatea bermatuta egongo zelakoan. Tamalez, ez da horrela.
Premisa horretaz sinetsita, errealitate kolpea jaso nuen Ikastolan euskarak egun duen osasun penagarriaz jabetzean, eta orain zeharo larrituta nagoela aitortu behar dut.
Alde batetik, eta denon zoritxarrerako, frogatua dago, sozializazio prozesuan, gure Ikastolako haurren arteko harremanetan gero eta euskara gutxiago erabiltzen dela Ikastolan zein kalean.
Bigarrenik, gure Ikastolan, euskal hiztunak diren haur asko eguneroko estres linguistiko batean murgilduta bizi dira, euskaraz hitz egiteagatik “arraro” sentitzen direlako eta gaztelera ez erabiltzeak ekar diezazkiekeen integrazio arazoen beldur direlako.
Azkenik, Ikastola amaitu eta institutura doazenek gero eta euskara maila kaxkarragoa dute, eta, hortaz, euskara gaitasunean dauden emaitzak ez dira lehen bezain onak.
Gure haurrez ari naiz, bai, eta, aizue, gure Ikastola ezin da izan hau guztiau modu konziente eta aktiboan bultzatzen duena. Gure Ikastolaren porrotaren isla litzateke bestela.
Egoeraren diagnosian hezkuntza komunitatearen gehiengoak bat eginda, irtenbidea “errudunak” bilatzea balitz, aitortu behar genuke erantzukizun konpartituak ditugula denok, jakina. Baina Ikastolako ardatza/xedea/misioa euskara bada, helburu horretatik urruntzen ari gara haur euskal hiztunak sakabanatzen jarraituz gero. Agerikoa da, aspaldian asmatutako estrategia aldatu beharra dagoela derrigorrez. Ikastolak baduelako bere ikasleak euskaldun bihurtzeko ardura eta legezko agindua, horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarriz. Eta instituzioei bere garaian euskara babesteko inbertitutakoa exijitzen diegun bezala, Euskal Eskolarekin eta Ikastolekin berdin egin behar genuke, alajaina!
Autokonplazientziaz, gure Ikastola gizartearen isla besterik ez dela pentsatzen duenik ere badago, noski. Arazoa orokorra eta globala dela. Eta axolagabekeria horrekin, ezer egin ezinaren aitzakia merkea erosi egiten dute batzuek. Baina ezin ukatu gure Ikastola, lehen, motor garrantzitsuenetako bat zela gure eremu soziolinguistikoa eta Galdakao euskalduntzeko bidean. Eta zergatik orain ez?
Honekin guztiarekin ez dut esan nahi Ikastolako egungo profesional guztien jokabidea berdina edo arduragabea denik. Denak ezjakinak edo inkonpetenteak direnik. Gure Ikastola maite dut eta bertako profesionalengan konfidantza jarria dut. Baina bertako zuzendari edo irakasle izateko, Ikastolen Elkarteko helburuan sinesten duten profesionalak behar dira, eta bada ordua denok batu eta elkarrekin arraun egiteko. Gure jarreren atzean ez dadila hizkuntza-proiekturik eza ezkutatu. Norbere segurtasuna kolokan jar lezakeen konponbidearekin ematea zaila den arren, desideologiaren garai honetan, gehiegi dugu jokoan.
Ez dut izan nahi gure Ikastolako haur talderen bat euskaraz hitz egiten entzuten badut haiek zoriontzera joaten diren horietakoa. Ez dut horrekin konformatu nahi. Nik ez dut uste etsigarririk garatu nahi.
Eta ni ez naiz ingenieritza sozialean aditua, ez ditut Galdakaoko euskararen erabilerari buruzko datu eguneratuenak esku artean, ez naiz gai honetan aditu/aritua eta ez ditut Soziolinguistika Klusterraren txosten guztiak irakurri, baina ondorio zehatz batera heltzeko gaitasuna izan dut: bizirauteko, estrategiarik egokiena, bakarra eta ezinbestekoa, arnasguneena dela uste dut. Hots, era naturalean euren artean euskaraz egiteko joera duten haur euskal hiztunen taldeak HHtik ez sakabanatzearena.
Eremu erdaldunduetan haur euskal hiztunek ez dute erraz izaten edonon euskaraz egitea; beraz, dauden haur euskal hiztun apurrak hizkuntza hegemonikoa erabiltzen duten haurren artean nahasten badira, nekez euskaldunduko dira haur erdaldunak, eta euskaldunak erdaldundu egingo dira zalantza izpirik gabe.
Menpekotasuna eta eragin erdaldunak nahikoa ez eta, horiez gain, geletako taldekatzeak egiteko orduan arnasguneak errespetatu ordez, horiek apurtzea baino ez genuen behar. Nola ukatu aukera hori «irizpide pedagogikoen, aniztasunaren eta inklusibitatearen izenean»? Zintzoki, ni ez naiz aniztasuna eta inklusibitatea “akulturazioa” direla uste dutenetakoa, baina Ikastolak ezin al ditu aipatutakoak euskaratik eta euskaraz bermatu?
Arnasguneak errespetatu gabe eta egungo taldekatze irizpideekin euskal hiztuna den umea lehenago edo beranduago gaztelerara jotzera kondenaturik badago, nork egingo du euskaraz? Haur euskal hiztunek ez al dute diskriminazio positiborako eskubiderik?
Agerikoa da borondatea dagoen lekuetan arnasgune horiek bizirik dirautela. Badaude emaitza positibo eta aberasgarriak eman dituzten esperientzia aski ezagunak, non denek irabazten duten. Ikas dezagun haietaz. Zer dugu galtzeko?
Kezka eta ikuspegi hau konpartitzen dugun irakasle eta gurasook elkarrekin egin behar diogu aurre egoerari. Bai guraso euskal hiztunek, bai euren seme-alabak Ikastolan euskaldunduko ziren esperantzaz izena eman ondoren jasotzen dabiltzan emaitzarekin ados ez dauden guraso erdaldunek.