Ikastetxe askotan, haur etxetik euskaldunak (euskaraz bizi direnak), sakabanatu egiten dituzte haur erdal hiztunak nagusi diren ikasgeletan. Haurrok era horretan sakabanatuta, euren artean euskaraz aritzeko aukera ukatzen zaie eta kolpetik erdaraz jardutera behartuta ikusten dituzte euren buruak, erdaraz jakin zein ez. Bide batez, haur euskaldunok euskararekiko gutxiespena jasaten dute, non eta D ereduan!. Egun batetik bestera ikasten dute ikastetxean, euskarak soilik etxekoekin eta irakaslearekin hitz egiteko balio duela, aldiz jolasteko, lagunekin egoteko, filmeak ikusteko, mugikorrean jarduteko, hau da, gozatzeko, erdara dela aukerako hizkuntza. Ez da faltako euskaraz ez egiteko aginduko dion ikaskiderik… 

Kolpe latza hartzen dute horrela, euren etxeko hizkuntzarekiko eta euren buruarekiko gutxiespen konplexua (euskalduna naiz, euskarak ez du ezertarako balio, beraz…) garatzen dute, eta euskal hiztunok gure etxean bertan bigarren mailako herritarrak garela ikasten dute. Asko dira oso gaizki pasatzen dutenak, inposatutako hizkuntza hegemonikoaren legera makurtu eta erdaldun bilakatzen diren arte. Autoestimurako kalteak besterik ez.  Finean, euskaldunak erdaldundu egiten dira baina erdal hiztunak EZ dira euskalduntzen, non dago irabazia? 

Argi gorri guztiak piztu dira D ereduan bestalde (A eta B ereduak aipatu beharrik ez dago). Azken asteotan jakin dugu, Hezkuntza saileko atala den ISEIk argitara eman duenez, orain arteko daturik txarrenak eman dituela D ereduak ikasleon euskalduntzeari dagokionez. Haur etxetik euskal hiztunak sakabanatzeko ohitura petralak izango du horretan zer ikusirik, zalantzarik gabe.

Arnas Dezagun ekimenetik ez dugu eskatzen haur euskaldunak (euskal hiztunak) erdal hiztunengandik banatzea. Eskatzen duguna da haur euskal hiztunak ez sakabanatzea.
Arnas dezagun ekimenaren eskariarekin bat
 egin dute dagoeneko Iñaki Iurrebaso, Blanca Urgell, Pako Sudupe, Gemma Sanginés, Beñat Hach Embarek, Ainhoa Larrañaga, Xabier Euzkitze, Kontxesi Berrio-Otxoa, Asier Etxenike, Juan Inazio Hartsuaga, Lander Arbelaitz, Pantxoa Karrere, Urtzi Urrutikoetxea, Karmelo Landa, Urtzi Urkizu, Andoni Urbistondo, Franck Dolosor, Martin Rezola, Iñaki Ullibarri, Gerardo Luzuriaga edota Asel Luzarraga bezalako euskaltzaleek, eta dozenaka irakaslek.
Aurki, sinadura bilketa bati ekingo diogu, manifestu baten inguruan.

D ereduak, bertan ikasten duten haur guztiak euskalduntzea du helburu; horretarako, ikaskideen arteko harremanak ere euskaraz behar dute, etxetik euskaldun edo erdal hiztun izan. Egingarria da (eta zenbait ikastetxetan egiten da)  baldin eta euskararen erabilerari ematen bazaio lehentasuna, eta euskara ardatz izan dadin neurri egokiak hartzen badira. Ezinezko bilakatzen da, haur euskaldunak sakabanatu eta ezinbestean erdalduntzera bideratuak badira. Haur euskaldunek euskaraz jarduteko aukera izan dezaten gune erosoak, arnasguneak, sortu behar dira ikastetxeetan ere. Eta “gune eroso” horietan (ikasgelan, jolastokian, jangelan, autobusean…) haur euskaldunak (euskaraz egiteko ohitura dutenak) elkartu beharra dago. Zeren eta erdaraz bizi direnen artean sakabanatuz gero, euskaraz jardutea ez da posible, ezin liteke… Eta gune eroso horiek (arnasguneak) sortzeko ardura ikastetxeena da. 

Horrez gain, haur guztiei eskaini behar zaizkie euskarazko baliabide askotarikoak, kalitatezkoak, erakargarriak. Hori, aldiz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren ardura zuzena da, Nafar gobernuarena bezala. Iparraldean gauzak zailago daude… Bada garaia euskararen erabilera bizkortzearen aldeko politika eraginkorrak garatzeko. Garaia da “integrazioa”, “inklusioa”, edota “aniztasuna” euskaratik eta euskara ardatz gara daitezen, eta ez gaztelera ardatz, orain arte bezala. Ikastetxetik hasita.

Ernesto Leitza Urrestarazu
Arnas dezagun ekimeneko kidea
Bakaiku (Nafarroa)